XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Desasosegatu, eta marru egin nuen.

La Vachek, berriz, lehenengo kolpea eman zion ateari.

Alferrik, jakina, ateari ez baitzion zirrikitu bat besterik egin.

Norbaitek zirrikitu hartatik petardo bat sartzea, horixe lortu zuen.

Petardoaren leherketari bonboa jarraitu zitzaion.

Herritar bat bonboa jotzen hasi zen, bat-bi eta bon!, bat-bi eta bon! bat-bi eta bon!

Eta horrela etengabe, hamar minutuz, hogei minutuz, orduerdiz, bat-bi eta bon! bat-bi eta bon!

Ez zegoen Eutropio santua bezain belarri-fina izan beharrik ormarekin kolpeka hasteko.

Eta, hain zuzen ere, La Vachek etengabe ematen zituen kolpe haiek.

Nire aldetik, ahaleginak egiten nituen bera bezala ez hasteko, baina azkenean, zerbait lasaitzearren, zutabe baten aurka bidaltzen nituen adarrak.

Baina marmitaz kanpo zegoen herritar bonbozaleari axolarik ez zion.

Berak berea egiten zuen, bat-bi eta bon! bat-bi eta bon! Etengabe. Arratsalde osoz.

Ikuiluko ateak zabaldu zizkiguten arte.

Zabaldu zizkiguten ateak, eta zoriona izan zen, zoriona eta arnasa, marmitari tapakia kendu eta haizea etorri izan balitzaigu bezala.

Ondoren, zituenak eta ez zituenak emanez, La Vachek bidea ireki zuen ate inguruan zegoen jendearen gainetik pasaz, eta bonboa jotzen segitzen zuen herritarra hankaz gora bota zuen.

Hantxe gelditu zen nazkantea oinaze batean eta bizkar-saihetsak ondo zanpatuta.

Eta bonbotzar hura jotzen segitzeko gogorik gabe, seguru asko.